XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BARRIAK

Izena: ESKUTITZAK.

Idazlea: Aita Onaindia.

Urtea: 1974.

Irarlea: Gráficas Bilbao, Gordóniz, 28 Bilbao.

Igaz Aita Santi`ri omenaldi bat egin eutsagun.

AGUR`en irakurleak jakitun dira, ainbeste idazlanetan aitatu da gai ori ta.

Aita Santi`k ondo irabazi eban omenaldi ori.

Zenbat izan ete dira Euskalerria`n gizon ospetsu onek beste idatzi dabenak? Asko ez.

Batzutan idatziak batu, sarritan itzulpenak egin, iñoiz azterpenak, beste iñoiz berak asmauriko gaiak, itz-lauz eta itz-neurtuz, liburuetan eta aldizkarietan... Zenbat lan!.

Eta ez berak lan egin bakarrik, beste batzuri laguntasuna eskatu ta lan eragin be bai; beste asko, bizitzako goraberak dirala ta, itun aurkitu ditunean, bere eskuaz jaso eta bere aolkuakaz indartu.

Orrez gaiñera, lekaide bateri jagokozan lanetan nekatu eziña izan da, bai lekaide-etxean, baita Gotzaiñaren ardurapean ezarri jakozan artzain-lan askotan be.

Omenaldi orretarako, Aita Santi`k, liburu barriak agertu euskuzan, bata emen aipatzen dogun au.

Oso baliotsua ta interesgarria berau.

Eta omenaldiagaz ondo alkartzen dana.

Eskutitzak ezarri dautso izenburua Emen dau edozein idazlek jaondako ogeitamar urteotako literatur a ta sozial-kezka askoren guna, diñosku berak.

Eskutitzetan agertzen da garden-garden bakoitxaren izaerea, ezelako agertu-gura guzurrezko barik: Eskutitzak, noski, iruzur bageko idatziak izan.

Eta beste ondoren on bat be ba dauka liburu onek.

Ondorengo gure elerti-zaleentzat be ez da arrobi makala liburu au.

Zenbat jakingarri galduko litzakezan olako txorta ederretan agertuko ez ba`lira!.

Bat baiño geiago arrituta geratuko da berak antxiña baten idatzi eban eskutitz bat irakurriaz; iñor, bear ba`da, pizkaren bat mindu be egingo zan, agertzea nai ez dauan gairen bat agertu dalako, baiña berak ixillekorik ez dauala agertzen diño.

Eun eta amar idazle ta 257 eskutitz dira guztiz.

Idazleak batzuk bizi diranak, besteak joan ziran.

Batzuk guztiz ospetsuak gure elertian, besteak ez ainbeste.

Geienak, oraintzu sortutako euskerearen burrukan, erri-bidean diardue, baiña ba dira ugari beste alderdikoenak be.

Euskalerri`ko bazter guztietatik eta mundu zabaletik etorriak dira eskutitzok eta irakurleak gauza guztiz jakingarriak aurkituko ditu liburu onetan.

Gizonen aldakuntzak be bai.

Ezelako aldakuntzarik ez zuzenketarik bage agertu ditu, eta ori jakiñik, euskal-idazle onak naikoa ugari dirala gaur, iruditzen jat.

Diñodan au siñistu nai ezta iñor ba`lego, diño berak, betor ona ta ikusi begiz orijinalak.

GAMIZ.